[Añorga] Maiatzak 1: Firestone lantegi zaharra berreskuratu dute

Zer da Eraldia?

Gero eta gehiago dira Donostialdean lan, harreman eta bizimodu eredu alternatiboak sortzen ari diren ekimenak. Sarri ezkutuan gelditzen dira, ordea. Kapitalismoaren arauei bakarrik aurre egitea ia ezinezkoa da. Ingurua eraldatzekotan, horretarako prest gauden guztiok batu eta norabide berean egin behar dugu lan. Ezinbestekoa da gureen antzeko proiektuen berri edukitzea, ezinbestekoa da denok saretzea.

Eguneroko ohikerian, ez dugu gai hauei errotik heltzeko tarterik hartzen. Horregatik da maiatzaren 1a lehen pausoak ematen hasteko aitzakia ezinhobea. Eraldian, berreskuratutako espazio bat irekiko dugu. Eraldian, elkarren esperientziak ezagutuko ditugu. Eraldian, auzolanean arituko gara. Eraldian, eztabaidatu, hausnartu eta ikasi egingo dugu. Proiektu berrietarako oinarriak sortzera goaz.

Beste inoren zain egon gabe, prekarietateari ekintzarekin erantzungo diogu. Gure indarra gure proiektuetara bideratuko dugu.

Eraldatu. Eragin. Eraldia. Hastera goaz.

eraldia.info