[Txantrea] Emantzipazio Bulegoa

[Iruñerria] Txantreako Emantzipazio Bulegoa

Emantzipazio Bulegoa Etxebizitza TX, Txantreako Gazte Mugimenduko lantaldearen proiektua da. Bai Gazte Mugimendua, bai Etxebizitza Lantaldea ere, duela zenbait urte egindako topaketetan batera sortu ziren. Topaketa horietatik ateratako ondorioak auzoko gazteriaren kezkak islatzen dituen diagnostiko batetan jaso ziren. Gehiengoak, % 72,7k, iritzi zuen etxebizitzaren egoera txarra edo oso txarra dela, eta %73k adierazi zuen independizatzea gustatuko litzaiokeela. Datu horiek aztertuta, argi ikusi genuen Gazte Mugimenduak jorratu beharreko arazoetako bat etxebizitzarena zela, eta horregatik, proiektu hau garatzeko bideari ekin genion. Proiektu honen bidez gazteok eta auzoak elkarrekin alternatiba bat eraikitzea nahi dugu, denoi dagokigun etxebizitza eskubidea bermatu dezan.Ez administrazioak, eta are gutxiago enpresa pribatuek, ez gaituzte lagunduko eskubide hori garatzen, gure eskubideak murrizten diren heinean hazten baitira haien irabaziak; hori gertatzen da, esaterako, gure bizi proiektua aurrera eramateko leku bat izateko eskubidearekin. Azterketa bat egin eta ikusi dugu nola enpresek haien onurarako lan egiten duten lurzoruaren balioarekin eta etxebizitzen prezioarekin espekulatuz, baita administrazioek ez dituztela haien administratuen interesak bermatzen, are gehiago, ikusi dugu nahiago izan dutela burbuila inmobiliarioan buru-belarri sartu eta haien kolega enpresariei mesedea egitea, bien bitartean gu alternatiba “zoragarriz” (VPO, VPT…) engainatzen saiatu direlarik. Horren aurrean Etxebizitza TX-k alternatiba erreal bat proposatzen du. Alternatiba hori jardunaldi batzuetan eztabaidatu zen, eta bertan atera ziren ideiak martxan jarri dira honezkero.

LANTALDEAREN OINARRIAK:
Talde baten oinarriei buruz ari garenean, ez du esan nahi taldekide guztiek guztiz partekatzen dituztenik; baizik eta alderantziz, Etxebizitza TX bezalako talde baten oinarriek taldekideen pentsatzeko era anitzak biltzen ditu bere baitan. Hori posible da, baldin eta norbanakoen irizpideek taldearen irizpideak errespetatu eta onartzen badituzte. Beste era batera esanda, baldin eta taldekideek proiektu kolektiboen alde egiten badute eta hori aurrera eramateko esfortzua egiten badute, onura kolektiboak helburu, alde batera utzita interes indibidualak.
Talde honen, kolektibo honen norabidearen oinarriak definitzerakoan, beste guztien gainetik antisistema izatearen oinarria azpimarratu behar dugu. Antisistema da bizitzeko modu hori bereganatzen duelako, sistema kapitalistaren kontra borrokatzen duen talde bat delako, eta horrek gutxi batzuk aberasteko apustua egiten duen gizarte baten aparatuen aurka borrokatzera garamatza.
Azpimarratu beharreko beste ezaugarri bat sortzailea eta eraikitzailea izatea da. Sortzailea da, molde tradizionalekin hausten duten dinamika berriak sortzen dituelako eta eraikitzailea, berdintasunean oinarritutako jendarte justuago bat eraiki nahi duelako.
Antolaketari dagokionez, autogestioan eta autosufizientzian oinarritzen gara, eta gure etorkizuneko proiektuetan horiek ardatz izan daitezen nahi dugu.Lantalde honek edozein motatako jabetza gaitzesten du, jabetza pribatua jendartean miseria eragiten duen kantzerra dela uste baitugu. Era berean botere ekonomikoa, politikoa eta burgesa erruduntzat jotzen ditugu, egunez egun herritarrak kapitalismoaren kontsumo-gurpilean sartzera bultzatzen baitituzte, ongizate soziala zaintzetik oso urrun dauden interes batzuengatik borroka gaitezen gure artean. Errudunen kontrako edozein motatako ekintzak defendatzen ditugu, baita errudun horiek eragindako arazoei alternatiba bat eraikitzekoak, kasu honetan etxebizitzaren ingurukoak. Adibidez hutsik dauden etxebizitzak okupatzea, errudunen jabetzei lehentasuna emanez, baina zilegitasuna emanez erabiltzen ez den edo hutsik dagoen edozein eraikin okupatzeari.

Etxebizitzaren aldeko mugimendua auzoaren eta mugimendu herrikoi eta asoziatiboaren parte sentitzen da. Hori dela eta, apustu egiten du dinamiken garapenean auzoak parte hartu dezan, eta mugimendua ahalik eta auzokide gehienengana iritsi dadin, bereziki auzoko gazteengana, denok pairatzen baitugu arazo hau.

Badakigu denok ditugula zereginak gure egunerokoan, eta beraz, aurreikusten dugu lan egiterako orduan inplikazio-maila ezberdinak egon daitezkeela; hortaz, lekua dago lan egin eta elkarlanean aritu nahi duen ororentzat.

Etxebizitza TX-n mundu guztiak du lekua, salbu pertsonak errespetatzen ez dituztenak, jendartearen pribatizazioaren alde egiten dutenak eta sistema ustel honen bide berdinean lan egiteko asmoa dutenak; ez dago lekurik ere jarrera sexista, homofobo, autoritario, arrazista, etab.-entzat. Laburbilduz, pertsonen integritatea urratzen duten jarrerak ez dira onartuko.
Hala bada, egungo sistemak giltzapetzen gaituen indibidualismoaren burbuila lehertzeko gai izan behar gara, eta ulertu behar dugu etxebizitzaren arazoa kolektiboa dela, eta ondorioz, guztion lana dela kalte horrekin amaitzea, bai gazteena eta baita Txantreako gainontzeko auzokideena ere. Etxebizitza eskubide sozial bat da, eta beraz, merkatuaren logikatik kanpo geratu behar da, jendartearen interesetan zentratzeko eta ez interes pribatu eta espekulatiboetan. Erronka horri aurre egiteko pentsamoldea eta eskemak aldatu behar ditugu. Kontzientziak astindu behar ditugu, gaur egungo egoera modu kritiko batez aztertu behar dugu egoeraren larritasuna bistan jartzeko eta eskubide sozialei egindako erasoak salatzeko. Horretarako erasoen arduradunak eta bakoitzaren interes orokorrak identifikatuko ditugu. Era berean, erresistentzia edo defentsa pentsamolde bat edukitzetik, inposatutako ordenari aurre eginen dion pentsamolde eraikitzaile bat edukitzera pasa behar dugu. Baina pausu horrek prestakuntza handiagoa eskatzen du zentzu guztietan, baita alternatiba herrikoak sortzeko beharrezkoak diren ideia, datu eta ezagupenak dituzten pertsona, talde eta instituzioekin harremantzeko gaitasun handiagoa izatea ere.
Etxebizitzak duen arazo nagusia da ez dela oinarrizko eskubidetzat hartzen, eta eskubide gisa onar dadin egin dezakegun bakarra antolaketa eta presio soziala dira. Etxebizitzak eskubide bat izan behar du eta bere funtzio soziala bete behar du. Ezinbestekoa da gure auzoak pairatzen duen hirigintza basatia gelditzea, masiboki eraikitzeak ez du etxebizitzaren arazoa konpondu eta ingurugiroaren kontrako eraso bortitza izaten ari da. Gainera inmobiliaria, eraikuntza-enpresa eta politikariak gure etxebizitza eskubidea urratzeagatik aberasten ari dira, eta gure ustez, eskubide hori janariarena bezain oinarrizkoa da. Argi dago hau guztia ez dela kasualitate bat, horren atzean politiko ustel guzti horiek daude, mesedeen truke beharrezkoak ez ziren eraikuntzetan diru publikoa gastatu dutenak. Aipatu ditugun handinahi horiek gure lana eta etorkizuna gobernatzen dutenak dira, eta haien helburua geroz eta ezberdintasun sozial gehiago sortzea da, horrela haien erosteko ahalmena sendotu eta handitzeko. Kapitalismoak munduan agintzen jarrai dezan guztiz interesaturik dauden pertsonak dira, eta interes indibidualak defendatzea dute helburu, ez kolektiboak. Gure ustez, etxebizitza eskubidea sendotzeko modurik egokiena arazoari erantzun kolektibo bat ematea da.
Emantzipazio bulegoa bitartekoak bilatzen ari da auzoan eskubide hori berma dadin. Independizatu nahi duen pertsona orok hori egiteko eskubidea izan dezan, eta horrela etorkizuna beste era batez ikus dezagun, gaur egun oso iluna baita gazteontzat eta ez horren gazteontzat. Gazteriari buruz ari garenean, ezin dugu jendartea orokorrean ahaztu, gaur egun etxegabetzeen drama gogor sufritzen ari den jendarte hori. Horren kontra borrokatzeko, bulego honek Txantrea Zona Libre de Desahucios kolektiboarekin egiten du lan, aldarrikapen sozial handiagoa sortzeko eta bankuekiko presioa handitzeko, helburu izanik aurrera eramaten dituzten ekintza ankerrak eragotzi eta hori baimentzen duten instituzioak presionatzea.GURE ALTERNATIBAK: Alokairu prekarioa eta Okupazioa

Alokairu prekarioa: Etxebizitza TX-k alokairu soziala etxebizitza guztion eskubide bat dela abiapuntu hartuta ulertzen du, ez da espekulatzeko edo irabaziak ateratzeko ondasun bat. Gaineratu nahi dugu ez dugula alokairu sozialtzat hartzen instituzioek eskaintzen digutena, ez baitira proportzionalak eta norbanakoa mugatzen baitute bere eguneroko beste hainbat alderdi duintasunez garatzeko orduan. Gu pertsonen garapen kolektibo eta indibidualerako oinarrizkoak diren zenbait behar aukeratzera bultzatuko ez zaituen alokairu baten alde gaude. Bere kontraprestazioaren helburua lana izango duen alokairua sustatzea lehenesten dugu, dirua bigarren plano batean utzirik.

Okupazioa: Okupazioa beharrezko alternatiba bat da, desobedientzia ekintza batetik jaiotzen da eta zilegitasuna jendea kalean uzten duen sisteman aurkitzen du. Hori dela eta, sinetsita gaude okupazioa beti izanen dela zilegi etxebizitza eskubidea bermatzen ez den bitartean.