[Añorga] Cementos Rezola lantegiko etxe zaharraren okupazioa

Cementos Rezola lantegiko etxe zaharra eraistekoak dira astelehenean, Gipuzkoa-21 boulevarizatzeko eta Gorga ibaia azaleratzeko bidean. Horren aurrean, hainbat añorgatarrek etxea okupatzea erabaki dute, eta bertan bizi dira ostegunetik. Salatu nahi dute Añorgan 60 etxebizitza huts inguru dauden bitartean -horietatik 30 eraiki horretan-, auzotarrak bizitzera kanpora joan beharrean aurkitzen direla, ezin dituztelako Añorgan bizitzeko gutxieneko baldintzak bete. Azaldu dutenez, aspaldidanik Añorgako gazteek inguruko herrietara joan behar izaten dute emantzipatzeko garaia heltzen zaienean, alokairu merkeagoen bila. Era berean, etxebizitza politika orokorrak salatu nahi dituzte, egun egiten diren etxebizitza planek jendearen beharrak ase beharrean gutxi batzuen poltsikoak betetzeko asmoa dutela iruditzen baitzaie. Eraistear diren Rezola lantegiko etxe zaharraz gain, beste adibide bat ere bada auzoan, beraien irudiko: Atotxa-Errekan landa ingurune bat urbanizatu zuten luxuzko etxebizitzak eraikitzeko. Egun, lur horietako partzela gutxi batzuk soilik daude erosita, gainontzekoek bere horretan jarraitzen duten bitartean.

2014-11-02-13.18.20-1

Etxebizitzaren gaia pil-pilean dabil Añorgan azkenaldian, eta horren erakusle da orain gutxi sortutako “Etxi Gabe” mugimendua, añorgatarrek Añorgan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu asmoz sortua.

Azkenean, Cementos Rezolako lantegiko eraikin zaharra okupatu duten gazteek ekintza amaitutzat jo dute, Añorgan bizitzeko eskubidea lau haizetara aldarrikatu eta gero. “Gure kabuz ateratzea hobe genuen; bestela, eurak aginduarekin etorriko ziren, horrek dakarren ondorio penal eta administratiboekin”, adierazi dute eraikinetik atera bezain pronto.

Info7 egindako elkarrizketa

Iturriak: Donostialdeko Okupazio Bulegoa, Info7 Irratia, Hirutxuloko Hitza, 25Geltokia

[Gasteiz] Errekaleor bizirik nahi dutela aldarrikatu dute Gasteizko epaitegi aurrean

Errekaleor eraikin okupatuaren aurkako auzia hasi da Gasteizko epaitegian, eta hamarnaka gazte bildu dira auzitegi aurrean proiektuari babesa helarazteko.

errekaleor_epaiketa_elkarretaratzea_gasteiz

Duela urtebete okupatu zuen gazte talde batek Gasteizko Errekaleor auzoko etxe bloke bat auzoa berpizteko proiektua martxan jarriz. Auzo guztia desalojatzeko arriskuak bere horretan dirauen arren, gazteek gogotsu jarraitzen dute lanean. Auzolan ugari antolatu dituzte, eta proiektua jendarteratzen ari dira azken hilabeteetan.

Gazteiraultzak egindako bideo honek azaltzen du zein asmorekin okupatu zuten eraikina.

Iturria: topatu.info