Cementos Rezola lantegiko etxe zaharra eraistekoak dira astelehenean, Gipuzkoa-21 boulevarizatzeko eta Gorga ibaia azaleratzeko bidean. Horren aurrean, hainbat añorgatarrek etxea okupatzea erabaki dute, eta bertan bizi dira ostegunetik. Salatu nahi dute Añorgan 60 etxebizitza huts inguru dauden bitartean -horietatik 30 eraiki horretan-, auzotarrak bizitzera kanpora joan beharrean aurkitzen direla, ezin dituztelako Añorgan bizitzeko gutxieneko baldintzak bete. Azaldu dutenez, aspaldidanik Añorgako gazteek inguruko herrietara joan behar izaten dute emantzipatzeko garaia heltzen zaienean, alokairu merkeagoen bila. Era berean, etxebizitza politika orokorrak salatu nahi dituzte, egun egiten diren etxebizitza planek jendearen beharrak ase beharrean gutxi batzuen poltsikoak betetzeko asmoa dutela iruditzen baitzaie. Eraistear diren Rezola lantegiko etxe zaharraz gain, beste adibide bat ere bada auzoan, beraien irudiko: Atotxa-Errekan landa ingurune bat urbanizatu zuten luxuzko etxebizitzak eraikitzeko. Egun, lur horietako partzela gutxi batzuk soilik daude erosita, gainontzekoek bere horretan jarraitzen duten bitartean.
Etxebizitzaren gaia pil-pilean dabil Añorgan azkenaldian, eta horren erakusle da orain gutxi sortutako “Etxi Gabe” mugimendua, añorgatarrek Añorgan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu asmoz sortua.
Azkenean, Cementos Rezolako lantegiko eraikin zaharra okupatu duten gazteek ekintza amaitutzat jo dute, Añorgan bizitzeko eskubidea lau haizetara aldarrikatu eta gero. “Gure kabuz ateratzea hobe genuen; bestela, eurak aginduarekin etorriko ziren, horrek dakarren ondorio penal eta administratiboekin”, adierazi dute eraikinetik atera bezain pronto.
Info7 egindako elkarrizketa
Iturriak: Donostialdeko Okupazio Bulegoa, Info7 Irratia, Hirutxuloko Hitza, 25Geltokia