[Madril] OKUPAZIOA POLITIZATU, GEROA ERALDATU

Madrilen talde faxista batek gune soziala okupatzeak gutako asko harritu gaitu. Bat-batean ikusi dugu guk defendatzen eta erabiltzen dugun eraldaketa sozialarako tresna etsaien eskutan. Azken bolada hontan okupazioak lortu duen zilegitasuna eta babes soziala gure antitesiak erabili du bizilagunak banatzeko, baztertzeko eta erasotzeko asmoz.

Orduan gure buruari galdetzen diogu: nola posible da gure borrokek, gure bideek, bat egin dezaten? Okupazioa tresnatzat jotzen dugu, bakoitzak bere edukiarekin bete dezakeen tresna da. Halere, okupazioa zinez politikoa izan daitekelakoan gaude. Okupazioak sistema kapitalista berarekin apur dezake, baina soilik ideia antikapitalista eta eraldaketa sozialarako asmoarekin batera baldin badoa, eta soilik horizontaltasuna, elkartasuna eta elkarlaguntza zutabe dituen jendarte bateruntz baldin bagoaz. Okupatzeagatik ez gara sistema hau defendatzen dutenak baino hobeak. Diskurtso politikoa eta ideiak behar ditugu.

Azken urteotan krisi egoera medio, okupazioa praktika gisa askoz gehiago erabili da. Batez ere, premiazko beharra duten pertsonen eskutik. Eta askotan, behar honek eraginda, etorkizunean zer egin nahi edo zer nahi dugunaz hitz egin gabe, hausnartu gabe aritu gara. Horrela, denboraren poderioz okupazioaren kontzeptua “antisistema”-ren estereotipotik aldendu da eta kalean bizi edota bizitzear den pertsona ororen baliozko konponbide bihurtu da. Bitartean, ahaztu zaigu behin-behineko konponbide honi arrazoiak edo mundu ikuskera bat lotzea.

Kale gorrian geratzen bagara ez da beste herrialdetatik etorri direnek lana kentzen digutelako. Ustiatzeko eta espekulatzeko objektu aldagaitzat jotzen gaituen sistemaren errua da. Ahalegin txikiena eginez etekinik handiena lortu nahi duen kapitalarena eta bere burua zein kapitala erreproduzitzeko asmoz menperatzen eta kontrolatzen gaituen botere politikoarena da errua. Haiek dira, kapitala eta botere politikoa, mundua nazionalitatetan edo etniatan banatua denaz konbentzitu gaituztenak, haiei aurre egiteko gaitasuna zatituz. Gure etsaiak ez dira beste koloretako, beste kulturetako edo beste mundutako bizilagunak. Haiek dira gure etsaiak: kapitala eta botere politikoa, bere nazionalitatea edozein izanda.

Marko honetan, hain zuzen ere, nazioa eta jabetza pribatua kokatu dituzte, gu banatzeko helburuarekin. Okupazioa zinez politikoa izatekotan, jabetza pribatua kapitalista, sistema zutabe gisa, erasotzen duelako da. Jabetza pribatuaren zilegitasuna ukatzen du eta. Baina beste eraldaketa batzuekin batera joan beharko luke okupazioak. Guretzat ezinbestekoa da nazionalitatea identitate baztertzaile gisa – edo besteengan mesfidantza sortzekoa – ulertuta ukatzea. Kultura baten parte sentitzeak ez du zertan bestearen etsaia izatea esan nahi. Desberdinak izan gaitezke eta elkar ulertu, elkar babestu, elkar bizi. Beste lekutatik etorritako, egunero bizitzari aurre egiteko borrokatzen duten bizilagunekin ditugun gauza amankomunak askoz gehiago dira aberasteko eta bere boterea mantentzeko kontrolatzen gaituzten espainako politikari edo enpresariekin ditugunak baino.

Kasu honetan, “Hogar Social”-a auzo etnianitza eta herrikoian, okupazio eta auzo borroka historia luzea duen auzoan kokatzea probokazio hutsa izan da. Ez dugu zalantzarik, talde faxistak, guztiz kontrakoak diren helburuekin, auzoan aspalditik okupazioak lortutako zilegitasun soziala lortzeko egindako lanagatik irabaziak atera nahi zituen. Ez da lehen aldia faxismoak populismoa erabiltzen duela jendearengana hurbiltzeko. Hau da historikoki erabili duten estrategia. Agian haietako askok jatorri herrikoia dute, baina horrek ez du ezer esan nahi. Haien mundu ikuskera gure ikuskeraren antipodatan dagoelako. Aurreiritziak eta mugak jartzen dituztelako.

Okupazio hau publikoa egin zutenetik bizilagun batzuk jo eta mehatxatu dituzte. Eta hori ez da edonon gertatu, baizik eta bizirik eta borrokalari den auzo batean. Kolektibo eta elkarte asko faxismoari aurre egiteko antolatu diren auzoan. Tetuan auzoak argi esan zien ez zirela ongietorriak, bertako bizilagunak edo haien jatorriak ez direla arazoa, aniztasun kulturala aberastasun handia baita. Kolektibo hauen gaitasuna, ideien argitasunarekin batera, okupazioa eta borroka soziala politizatuz, faxista hauek gure auzotik alde eginarazteko oso ezaugarri garrantzitsutzat hartzen dugu.

Diskurtso politiko antikapitalista (eta anarkista gure kasuan) berreskuratu behar dugu okupazioaz hitz egiten dugun aldiro. Bakarrik okupazioa aipatzean, bestelako mundu baten alde borrokatzen dugula esan gabe, gure arteko lehiakortasuna elkarlaguntza eta elkar-ulertzearekin ordeztu nahi dugula adierazi gabe, oso arrisku handiarekin egingo dugu topo: Hogar Sozial bezalako egitasmoak, egun dugun mundua bezain alternatiba nazkagarria proposatzeko beharraren diskurtsoaz baliatzen direnak, ideia faxista eta arrazista dituenak legitimatzen ditu. Orain ez da momentua okupazioa kritikatzeko, beste behin tresna bat besterik ez denaz konturatzeko, baizik eta hausnartzeko eta gertaera hau aprobetsatzeko okupazioa burutzera eraman gaituzten ideia politikoak azpimarratuz. Okupatu edo ez, faxistak dira. Gu batzen gaituenak ez da okupazioa, baizik eta beste modu batean bizitzeko gogoa, aske eta sozialki berdinak izateko gura.

Faxismoa arrazismoa da, homofobia da, matxismoa da, ezberdinari gorrotatzea da, pentsamendu bakarra da, menpekotasuna da. Kapitalari aurre egitea, faxismoari aurre egitea da. Okupazioa politiza dezagun borrokatzeko eta etorkizun hobea lortzeko.

Iturria: okupatutambien